Citius, Longaevus, Fortius Ariketa fisikoaren, kirolaren eta beste gizarte-jarduera uztartzen dituen eta ikuspegi terapeutikoa duen programa berria da. Lehendabiziko "kirol eta gizarte jardueretarako errezetak" Iruñeko Iturrama eta Txantrea auzoetan agintzen hasi dira familia medikuak.
Errezeta hau hiriko bi auzotan hasi dira orain ematen, esperientzia pilotu gisa, hiriko beste osasun-zentro batzuetara zabaldaltzeko asmoa dutelarik. Hiriburuan, proposamen berria da, 45 eta 85 urte bitarteko erroldatutako pertsonei zuzendua, beti ere nahi ez duten bakardade-egoeran badaude, hauskortasun-sindromea diagnostikatuta badute edo fisikoki ez-aktiboak badira. Erabiltzaileek Nafarroako Hezitzaile Fisikoen Elkargo Ofizialeko Marta Monreal izango dute laguntzaile pertsonal, eta agindutako jardueretan lekua gordeko zaiela bermatuko zaie.
Antzeko esperientziak dagoeneko martxan dira Iruñerriko beste udal batzuetan, tartean Uharten.
Iruñeko Udalak eta aipatutako auzoetako osasun etxeek antolatutako ekimena da eta Nafarroako Kirol Institutuaren babesa du. Programak kirol-errezeta bat eta errezeta sozial bat ekitaldi bakar batean integratzea du helburu, beti ere herritarren gizarte eta osasun-premiei erantzutea lehenetsita.
Ekimenak ariketa fisikoa, jolas-kirola eta hainbat gizarte-jarduera (memoria-tailerrak, boluntariotza, laguntza psikologikoa, eta abar) biztanleriaren osasuna hobetzeko zientifikoki bermatutako «medikamentu» gisa jardutea du helburu.