Iruñeko Udalak, Karrikiri elkartearekin elkarlanean, Egile berriendako literatur lehiaketa 2021. Saritutako lanak liburua karrikaratu du. Gaur, hilak 26, aurkeztuko dute, 19:30ean, Karrikiri elkartearen egoitzan (Xabier karrika, 4). Aurkezpenean
Saioa Alkaiza eta Iosune de Goñi sarituak izanen dira, eta Euskalerria Irratiko Lohizune Amatria kazetariak aurkeztuko ditu.
Lehiaketan saritutako lanak biltzen ditu liburuak, narrazio laburren modalitatean zein poesian. Guztira 250 ale argitaratu dira eta liburu-dendetan eta Karrikirin egongo dira salgai, 10 euroko prezioan.
Zehazki, honako lan hauek argitaratu dira: Saioa Alkaizaren Bi ezezagun, narrazio laburreko lehen saria lortu zuena; Koldo Azkuneren Armiarmaren oposizioa, bigarren saria eskuratu zuena; Juan Jose Pellejeroren Bizilaguna, hirugarren saria eskuratu zuena; eta aipamen berezia jaso zuen Iker Arriolaren Ez dago hilda. Poesia modalitatean, berriz, Iosune de Goñiren lan irabazlea Itzalak uraren azpian; bigarren saria jaso zuen Rakel Pardoren Haztamuka; eta hirugarren saria jaso zuen Saioa Alkaizaren Etorriko denaren zain.
Liburuko kontakizunak Iruñeko Udalaren arte garaikideko bilduma osatzen duten lanen ilustrazioekin tartekatzen dira. Horrela, liburuaren azala Javier Baldaren Tramas obraren irudi bat da. Barruko orrialdeetan José Ramón Amondarain, Manu Muniategiandikoetxea eta Manuel Luca de Tenaren lanak biltzen dira.
Lehiaketa honen helburua da euskarazko literatura-sorkuntza bultzatzea argitaratutako lanak ez dituzten pertsonen artean. Sariak 2.500, 1.000 eta 500 eurokoak dira, lehenengo, bigarren edo hirugarren postuaren arabera. Gainera, aipamen berezia 250 eurokoa da. Eta hautatutako lanak Udalak argitaratzen ditu bilduma liburu batean. Azken edizioan 24 lan aurkeztu ziren guztira; horietatik 13 narrazio laburrekoak izan ziren eta 11 poesiakoak.