Ohiko ekitaldi erraldoiez gain, txipi txapa lehiaketa, berbenak, karrikadantza... izanen dira. Aurten genero inposizioak hausteko deia egiten dute eta Sanduzelaiko lehenengo GONAKADA antolatu dute. Gaur auzo osoa aterako da kalera gonarekin, eta jaietara gerturatzen diren pertsona guztiak horrela janztera animatu dituzte.
Sanduzelaiko kultur koordinakundeak antolatzen ditu jaiak, eta auzoko hainbat taldek eta pertsonak osatzen dute. 15 kolektibo kultural eta sozial baino gehiago biltzen ditu. Jaietako ekitaldi guztiak aurrera ateratzen dira inplikatutako kolektibo eta pertsonen borondatezko lanari esker. "Saltokiak eta bizilagunak dira ekarpen ekonomikoekin hori posible egiten dutenak", azaldu dute.
Iruñeko Udalak, aldiz, uko egiten dio auzoetako jaietan aktiboki laguntzeari, eta jaialdi bat antolatzen duen enpresa bat balira bezala tratatzen dituela salatu dute. Ondorioz, kultura eta gizarte izaera hutseko jaiak antolatzea zaila egin zaie. "Ez da normala Udalak festetarako argi-loturak ez erraztea, ez da normala sarera konektatutako bainuak jartzea eta ur-hartunerik ez ematea, eta, gainera, ordaindu egin behar izatea", azaldu dute.
Batzordearen ustez, udalak mehatxutzat hartzen ditu auzoetako jaiak, bizikidetzari eta kulturari egiten diozun ekarpena aintzat hartu gabe. Auzoetako jaiak kulturarentzat eta aniztasunarentzat aberasgarri, auzotarren topagune eta elkarlanerako eta gozamenerako gune gisa aitortzea eskatu dute.