Iruñeko oposizioak Frankismoak errepresaliatutako emakumeei Iruñeko zortzi kale eskaintzeko proposatu du

Euskalerria Irratia 2022ko api. 6a, 13:06

Izendapena auzoko elkarteekin adostea eskatuko dute ere.

Iruñeko Udaleko EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik ekimen bat eramango dute ostegun honetako Osoko Bilkurara, Frankismoak errepresaliatutako emakumeren izena Txantrean sortzen ari diren zortzi kale berriei jartzeko. 

Hauek dira proposatu zituzten izenak: Julia Bea Soto, Teodora Serrano Serrano, Aurora Gómez Urrutia, Julia Fernández Zabaleta, María Luisa Elío Bernal, Josefina Guerendiáin Caro, Nemesia Baztán Turrau, Ramona Zapatero Zapatel, Matilde Huici eta María del Carmen Húder Carlosena.

Oposizioko taldeek "Nafarroako Memoria Historikoaren Funts Dokumentalak, Udalak berak eskatuta, emakume horien memoria berreskuratzearen inguruan egin duen lanari balioa ematea" eskatu dute.

"Bada garaia erakusteko hiri honek emakume horiekin duen konpromisoa benetakoa dela eta adierazpen soiletatik haratago doala erakusteko, urbanizazio berri honekin hori egiteko aukera ezin hobea dugu", nabarmendu dute alderdi horiek ohar batean.

Adierazpenak gogora ekartzen duenez, iazko otsailaren 9an hartutako erabakiak argi eta garbi adierazten zuen "Iruñeko emakume aurrerakoi, abertzale eta ezkertiarrek Errepublikaren zein diktaturaren garaian hiriaren aurrerapen politiko, demokratiko eta kulturalari egindako ekarpen handia, frankismoaren inposaketak eta debekuak saihestuz".

"Errepublika garaian edo diktaturan aurrerapen sozialaren eta berdintasunaren alde egindako lan politiko, kultural eta profesionalagatik altxamendu militarraren ondoren errepresaliatuak izan zirenen zerrenda, eta zerrenda hori osoko bilkurari proposa ziezaiotela, hiriko kale-izendegian sartzea erabaki zezan" omendu nahi dituzte emakume horiek.

"Premiazkotzat jotzen dugu lan hau eratu berri den Emakumeen Kontseiluari ezagutaraztea, baita Txantreako Hegoaldeko Planaren hirigintza-garapenaren ondorioz sortuko diren kale berriak emakume horien izenekin izendatzeko proposamena ere", berretsi dute.

Iruñeko Udalaren Osoko Bilkurak ostegun honetan eztabaidatuko duen proposamenak hirugarren puntu bat du, kaleak izendatzeko proposamena Txantrea auzoko auzo-elkarteei helaraztea planteatzen duena, balioetsi eta, hala badagokio, babes dezaten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!