601 kartel aurkeztu dituzte Sanferminak iragartzeko lehiaketara

Euskalerria Irratia 2022ko api. 5a, 15:34

2019ko finalistak.

Apirilaren 25ean irekiko dute herri bozketa egiteko epea, epaimahaiak aurrez 10 finalistak hautatuko dituelarik. 

Iruñeko Udalak 2022ko San Ferminetako kartel lehiaketara aurkeztutako 601 obra erregistratu ditu. Apirilaren 25ean, epaimahaiak aukeratutako hamar kartel finalisten artean herri-bozketa jarriko da abian, eta maiatzaren 5ean, ostegunean, sanferminetako eskailerarekin bat eginez, obra irabazlea argituko da. Azken bi hamarkadetako bigarren parte-hartzerik altuena da aurtengoa, 2004. urtean 622 aurkeztu baitzituzten.

188 lan Iruñetik bidali dituzte, 192 Nafarroako beste herri batzuetatik eta 206 Espainiako autonomia erkidegoetatik. Guztira 29 kartel aurkeztu dituzte Madrildik, 19 Bizkaitik, 17 Gipuzkoatik, 16 Valentziatik, 15 Bartzelonatik eta 11 Zaragozatik. Gainerako 13 kartelak nazioartekoak dira: 4 Italiatik erregistratuta daude, 3 Frantziatik, 2 Estatu Batuetatik eta bana Erresuma Batutik, Argentinatik, Mexikotik eta Japoniatik.

Aurten, berritasun gisa, kartelen aurkezpena modu telematikoan egin da, www.pamplonaescultura.es webgunean eskegitako parte hartzeko inprimakiaren bidez. Gainera, aurtengo edizioan, epaimahaiak, herri bozketarako zortzi kartel finalista aukeratu beharrean, hamar lan aukeratuko ditu, eta horien artean aukeratu beharko dute herritarrek. Azkenik, Iruñeko Udalak 6.000 eurora igo du lan irabazlearen egilearentzako sariaren zenbatekoa.

Hamar kartel finalistak aukeratuko dituen epaimahaia bihar bilduko da bere lanari ekiteko. Kartel finalisten irudiak ezagutzera eman ondoren, herri bozketaren txanda izango da. Apirilaren 25etik aurrera 10 eguneko epea irekiko du Udalak Iruñean erroldatutako pertsonek gustukoen duten obraren alde bozkatu dezaten. Bozketak online egin ahal izango dira, www.pamplona.es eta www.pamplonaescultura.es webguneen bidez, edozein Civivoxetan presentzialki edo telefonoz, 010 – 948 420 100 telefonoen bidez. Bozketa-aldi horretan, kartelak Civivox Kondestablen egongo dira ikusgai.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!