Iruñeko EH Bilduk eskatu du Maria Caballero Na+-en zinegotziaren anaiaren bulegoari, "justifikaziorik gabe, emandako kontratazioak" berriro ez errepikatzeko, "jokabide horren erantzukizunak" argitzeko eta kontratuak esleitu aurretik "hiru eskaintza eskatzera behartzen duen barne-instrukzioa" aplikatzeko.
Honekin batera kasu honi buruzko "diziplina-espedientea irekitzeko eskaera formala" egin du abertzaleen koalizioak. Gainera Gonzalo Remondegui aholkularitza juridikoko zuzendariari egotzi dio "ekintza horien erantzukizuna".
Alkatetza, erantzule
EH Bilduk salatu duenez "Enrique Maiak izendapen askeko kargua izendatu zuen, eta hark eman zuen kontratuen legezkotasunaren berri" eta ondorioz hark justifikatu zuen kontratuen bideragarritasuna.
Honenbestez, diziplinazko espedientea irekitzeko eskaera igorri dio EH Bilduk Alkatetzari. EH Bilduk ohartarazi duenez, "eskaera honetan adierazitako argudioei jaramonik egiten ez badie edo hemen planteatzen dugun eskaria alde batera uzten badu, uste dugu alkatea zuzenean eta zehazki erantzule egingo dela kasu honetan salatu dugun jokabidearen moduko portaerak izan ditzakeen ondorioen aurrean".