Iaz 0-3 zikloko hezkuntza-eskaintza berregituratu egin zuten, eta Iruñeko Udalak euskarazko lerro berriak zabaldu zituen ingelesezko jarduerekin. Printzearen Harresi haur eskolan ezarri zuten horietako bat. Errealitatea, baina, ez da hori zentroan. Eredu mistoa ezartzeko irizpiderik ez dute jaso oraindik. “Guk ez dugu inolako informaziorik jaso eta bukatuko da ikasturtea ezer jaso gabe. Beti adierazi dugu ez duela zentzurik, eredu honek ez duela inolako oinarri pedagogikorik”, azaldu du Gari Torregrosa zuzendariak.
Atzo azaldu zuen Iruñeko Udalak txosten bat prestatu dutela ingelesa txertatzeko metodologia pedagogikoa zehazteko. Egun Iruñeko haur eskoletan lanean ari diren hezkuntza profesionalekin, ordea, ez dute hitz egin hori adosteko. Nork egin duen ez dakite. “Galdetu genion planaz eta noiz helaraziko ziguten. Esan ziguten ia bukatuta zegoela, eta pasako zigutela”, azaldu du Torregrosak. “Guk argi dugu dokumentu pedagogiko bat den aldetik, kontraste bat egon beharko litzatekeela”.
Ingelesezko jarduerak txertatzeko jarraibiderik jaso ez dutenez, une honetan euskara hutsean ari dira Printzearen Harresi haur eskolan. Ikerketek lehenik ama hizkuntzak, bertakoak, zaindu behar direla diote, Torregrosaren hitzetan; eta hori dela eta hartu dute erabakia.