Iruñeko etxebizitza beharrak aztertuko dituzte inkesta baten bidez

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 4a, 08:41

Europako Funtsen  bidez finantzatutako azterketa egingo du udalak, gutxienez 1.300 elkarrizketa eginik. 

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du hiriko etxebizitza-beharrei buruzko diagnostiko bat egiteko laguntza tekniko bat kontratatzea , etxez etxeko inkesten bidez. Iruñeko Hiri Agendaren markoan kokatzen da eta Next Generation EU Europako Funtsek, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (PRTR) esparruan, finantzatatutako azterketa izango da. 

Iruñeko Udalak prentsa-ohar baten bidez jakinarazi du kontratuaren xedea dela "Iruñeko etxebizitza-premiei buruzko inkesta bat egitea etxebizitzetan, aurrez aurre, eta egungo egoeraren ondoriozko eskaria zehaztea". Emaitzen eta ondorioen azken txostena 2015ean egindako antzeko lan batekin alderatuko dute.

Inkesta egiteko, gutxienez 1.300 elkarrizketa osatu beharko dituzte, Iruñean dauden 80.000 familia ingururen artean. Lan honen bidez, Iruñeko familien ezaugarri soziodemografiko nagusiak, bertan bizi diren etxebizitzaren egungo egoera, etxebizitza birgaitzeko beharrak, etxebizitza erostea edo alokatzea hautatzeko beharrak eta sendi potentzialek etxebizitzak eskuratzeko dituzten premiak ezagutu nahi dira.

Honekin batera, Iruñeko etxebizitza hutsen egoeraren berri emango du azterlanak, baita zein auzok duten erakarpen-polo izaera eta etxebizitza-eskariari dagokionez zer fluxu gertatzen ari diren ere. Azkenik, etxebizitzak desagertzearen ondorioz merkatuan birjartzeari buruzko hurbilketa ezagutzeko lan egingo dute, eta txostenean jasotako datuak geolokalizatu egingo dituzte GeoIruñan argitaratzearekin bateragarria den formatuan. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!