Iruñeko Udalak behin betiko onespena eman zion atzo Zaragoza etorbideko orube bat, Sadar karrikaren albokoa, berrurbanizatzeko proiektuari. Egitasmoak 6.871 metro koadroko merkataritza-gune erraldoia zabaltzea aurreikusten du. Horretaz gain, hotel edo erresidentzia bat eraikitzea, eta bulego eraikin bi. Bulego eraikin horretan CCOO eta UGT sindikatuen egoitza berriak koka ditzakete, baldin eta proiektuaren bultzatzaileek eta Espainiako Enplegu Ministerioak akordioa lortzen badute, jada abian dauzkaten negoziazioetan. Ministerioa da bi sindikatuok egun Zaragoza etorbidean, Tutera karrikaren ondoan, dituzten egoitzen jabea.
Proiektu hau hainbat urtez geldirik egon zen, baina Iruñeko udal aginte taldeak berraktibatu egin du orubearen jabe nagusiek, Elsario SL eta Jamida Patrimonio SL enpresek, hala egiteko eskatu eta gero. Hasieratik, inguruko auzoetako merkataritza elkarteak eta Iruñe osokoak kontra azaldu ziren. Alegazioak ere aurkeztu zituzten. Udal aginte taldeak aldaketa bat egin zuen proiektuan horiek gainditu ahal izateko, eta onartu egin zuen, baina legearen arabera ezinbestean egin beharreko parte hartze prozesua egin gabe. Hori dela kausa Nafarroako Gobernuak egitasmoa geldiarazi zuen. Udal aginte taldeak prozesu parte hartzailea egin zuen. Merkatariak berriro kontra azaldu ziren. EH Buildu eta Geroa Bairen sostenguarekin orubea etxebizitzak egiteko baliatzea proposatu zuten. Baina alferrik.