Hiru urte eta bederatzi hilabetera arteko zigorrak eskatu dituzte Arrotxapeko gaztetxeko gazteen aurka

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 2a, 11:52

Arrotxapeko gaztetxeko eta Erraki taldeko kideak, auzoan goizean egin duten agerraldian.

Martxoaren 15an hasiko da gaztetxearen hustutzean atxilotutako sei gazteen aurkako epaiketa. Auziperatuei elkartasuna! Espazioen defentsari epaiketarik ez! lelopean elkarretaratzea eginen dute auzitegiaren aurrean, Arrotxapeko gaztetxeko eta Erraki taldeko kideek.

Arrotxapeko gaztetxearen hustutzean atxiloturiko sei kideen epaiketaren data eta zigor eskaerak jakinarazi dizkiete. Martxoaren 15ean epaituak izango dira, eta 3 urte eta bederatzi hilabetekoa da haietako bostentzako kartzela zigor-eskaera eta 2 urtekoa seigarrenarentzat. Atentatuak eta lesioak egozten dizkiete.

lazko irailaren 2an hustu zuten Arrotxapeko gaztetxea, poliziaren oldarraldi bortitz baten ostean. Sei pertsona atxilotu zituzten, beste hainbat zauritu eta identifikatzeaz gain. “Azken urte eta hilabeteetan bizitzen ari garen ofentsiba ekonomiko eta politikoaren testuinguruan, okupaziorako aukera ere erasotua izaten ari da. Geroz eta gehiago zailtzen ari dira espazioak eskuratzea, bertan iraun eta erabiltzea, eta kasu honek erakusten digun eran, baita espazioak defendatzea ere”, adierazi dute Arrotxapeko gaztetxeko eta Erraki taldeko kideek.

Isunek eta prozesu judizialek asmo argia dutela diote: “Espazioen gaineko langile kontrola eta bere defentsa deuseztatzea, jabego pribatuari antolakuntzaz aurre egitera ausartzen den edonor beldurrez mantentzearekin batera”. Bestela balitz, ulergaitza litzateke haien ustez gertatzen ari dena. Kezka agertu dute: “Horrelakoak ikusita, nor ausartuko da gaztetxe, zentro sozialista edo zentro sozial baten hustutze bati aurre egitera? Nor ausartuko da etxe-kaleratze bat oztopatzera?”.

Espazioen defentsarako aukerak handitu eta errepresioari erantzutea “hil ala bizikoa” dela adierazi dute. Horregatik, “auziperatuei elkartasuna adierazteko eta erasoa salatzeko” protesta eginen dute, epaiketa egunean bertan, 9:30etan epaitegien aurrean. 

Eraiste bortitza

2016ko irailaren 3an okupatu zuten Arrotxapeko gaztetxea. 2014ean auzo diagnostikoa egin ondoren sartu ziren gazteak Artika kaleko 28. zenbakian zegoen Carser autobus enpresaren nabean. 2008tik hutsik zegoen eraikina, eta gazteek beharrezkoa zuten espazioa izan da azken bost urteetan.

2017ko maiatzean hasi zen gaztetxearen arduradun gisa identifikatu zituzten hiru pertsonaren aurkako epaiketa, eta hori izan zen eraikina hustutzearen eta eraistearen abiapuntua. Hiru aldiz igaro ziren epailearen aurretik, eta prozesuaren azken zatian defentsarako eskubidea urratu zitzaiela salatu zuten. 2021ko irailaren 2an hustu zuten gaztetxea. 6 gazte atxilotu zituzten, beste 50 zauritu eta horietako bat erietxera eraman behar izan zuten. Denera 150 gazte identifikatu zituzten.

La Caixak, Iruñeko Udalak eta Talleres San Pedro enpresak osatutako konpentsazio-batzordea izan zen auzi-jartzailea, eta banketxea zen eraikinaren erdia baino gehiagoren jabea. Hirigintza proiektu bat garatzeko asmoa dute gaztetxea zegoen tokian. Iazko azaroan bota zuten eraikina.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!