238 etxebizitza sozialen eraikuntza proiektua geldirik dauka Navarra Sumak

Euskalerria Irratia 2022ko ots. 17a, 07:49

Udal gehiengoaren aburuz, koalizio eskuindarra nahita atzeratzen ari da proiektuaren tramitazioa.

Babes ofizialeko 238 etxebizitza eraiki behar dituzte Iruñeko sei auzotan, 79 salerosketa erregimenekoak eta beste 159 alokairukoan, Nasuvinsa enpresa publikoak eta Iruñeko Udalak sinaturiko hitzarmenaren arabera.

Atzo, Iruñeko Udaleko Urbanismo Batzordean, EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen, alokairuen igoera etengabearen aitzinean Udala geldirik dagoela eta kudeaketa okerra egiten ari dela salatzeko. Mozioa aurrera atera zen PSNren eta Geroa Bairen botoekin, eta Navarra Sumaren aurkakotasunarekin.

Mozioaren eztabaidan, EH Bilduko eledun Borja Izagirrek Nasuvinsarekin dagoen hitzarmena nahita blokeatzea egotzi zion Navarra Sumari. Koalizio eskuindarraren izenean, Juan Jose Etxeberria Urbanismo zinegotziak Nafarroako Gobernuari egotzi zion hitzarmena blokeaturik egotearen ardura, eta gaineratu zuen martxorako Nasuvinsak mugimendurik egiten ez badu, hitzarmena iraungitzat emanen dutela, eta proiektuari haien kaxa ekinen diotela.

Geroa Baiko zinegotzi Javier Leozek gezurretan aritzea leporatu zion Etxeberriari, baita hitzarmenaren tramitazioa nahita atzeratzea ere. PSNko hautetsi Federico Colmenarrek esan zuen Navarra Sumak interes falta bistakoa duela afera honetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!