Otegi euskal presoa "urgentziaz" ospitaleratu dute Nafarroako Ospitalean

Euskalerria Irratia 2022ko ots. 15a, 14:02

Mikel Otegi preso gipuzkoarra Iruñeko espetxean ari da kondena betetzen. Etxeratek jakinarazu duenez, biriketako tuberkulosia diagnostikatu diote.

Etxeratek jakinarazi duenez, Mikel Otegi euskal presoa Iruñeko espetxetik "urgentziaz" eraman zuten joan zen astean Nafarroako Ospitalera. "Ospitaleratu ondoren, Itsasondoko presoak positibo eman zuen COVID19 proban, eta ospitaleko COVID gunera eraman zuten", azaldu dute ohar bidez. Koronabirusa gainditu ondoren, atzo COVID proban negatibo eman ondoren, beste planta  batera eraman zuten, eta han jarraitzen du. Egindako probetan oinarrituta, Etxeratek ondorioztatu du biriketako tuberkulosia diagnostikatu diotela.

Gaixotasun larriak dituzten 19 euskal preso politikoen artean dago Otegi. Zehazki, preso gipuzkoarrak 20 urte daramatza espetxean (hasieran urte eta erdi eman zuen kartzelan, eta 2003an atxilotu zuten berriz), sindrome koronario akutu bat izan zuen, eta, gainera, belauneko osteoartritisa du, endekapenezko jatorria izan dezakeena.

Etxeratek Mikel Otegi eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten gainerako euskal preso politikoak aske uzteko eskatu du. "Mikel Otegiri orain gertatu zaiona edo Gregorio Vicario presoari egin berri zaion premiazko esku-hartzea bezalako egoerak berriro gertatu aurretik, osasunerako eskubidea bermatu behar da, eta gaixotasun larriak dituzten presoen eta 70 urtetik gorakoen kasuan, haien kondenak eten beharko dira, Espainiako Zigor Kodeak berak 80. eta 92. artikuluetan ezartzen duen bezala. Izan ere, Espainiako Konstituzioaren 43.1 artikuluak herritarren osasuna bermatzeko eskubidea jasotzen du. Hala gomendatu dute, bestalde, azken urteotan nazioarteko hainbat erakundek, hala nola OMEk eta Europako Kontseiluak", ohartarazi du Etxeratek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!