Zinegotzi batek eskatutako informazioa "berandu aurkezteak" erantzukizun "larria" ekartzen duela ebatzi du Nafarroako Administrazio Auzitegiak. Hori da Iruñeko Udaleko gobernu-taldeari, oposizioko zinegotziek eskatutako dokumentazioa epe barruan ez emateagatik, epaileek adierazitakoa.
Borja Izagirre Larrañaga zinegotziak Labriteko pasabidearen mantentze-lanei buruz eskaturiko dokumentazioa bost hilabete baino gehiago atzerartu zela eta, hiriburuko EH Bilduk aurkeztutako gorako errekurtsoan oinarritzen den ebazpena da. Abertzaleen koaliziotik azaldu dute "informazio hori 2021eko urtarrilaren 19an" eskatu zutela, eta, "TANk aitortzen duenez, hurrengo 5 egun baliodunetan entregatu behar zen, eta ekainaren 15era arte ez zen entregatu".
Epaileen iritziz "Konstituzioan jasotako oinarrizko eskubideen aurka" egiten du jarrera horrek, zehazki honakoa dio testuak: “herritarrek gai publikoetan parte hartzeko eskubidea dute, zuzenean edo hauteskundeetan libreki hautatuak izan diren ordezkarien bidez”.
Nafarroako Administrazio Auzitegiko juristek ondorioztatu dutenez, Borja Izagirre zinegotziari informazio hori ezktutatuz, "oinarrizko eskubideen aurkako jarrera hori" gauzatu egin da. EH Bildutik ohartarazi dute gainera erantzukizun penalak izan ditzakeela Udal gobernuaren jarrerak, “Zigor Kodearen 542. artikuluak" adierazten baitu "enplegu edo kargu publikorako inhabilitazio berezia ezarriko zaiola, urtebetetik lau urte arteko agintaritzarako, jakinaren gainean egonik, pertsona bati Konstituzioak eta konstituzio-legeek aitortutako beste eskubide batzuk nahitan eragozten badio”.