Krisia UPN alderdian

Joseba Asiron: “Maiaren hitzak arbuiagarriak dira. Ezin da motiborik aurkitu hori aldatzeko, ez Madrilen, ez hemen”

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko ots. 4a, 10:31

Iruñeko alkatearen gaitzespenari buruzko eztabaida betean, jakinarazi zioten PSNko Maite Esporrini UPNko diputatuek ez zutela emandako hitza bete Espainiako Kongresuan. Hala, atzera egin, eta arbuioaren alde egin zuten sozialistek. Hala ere, aurrekontuen 27 milioiko moldaketa aurrera atera du Navarra Sumak, PSNren botoekin. EH Bilduko Iruñeko zinegotzi Joseba Asironekin mintzatu gara.

EH Bildurekin eta Geroa Bairekin bat egin du Iruñeko PSNk Enrique Maia alkatea gaitzesteko. Osoko bilkura hasi aurretik iragarri zuten sozialistek ez zutela eginen, UPNrekin akordioa erdietsi zutelako, lan erreformaren babesaren truke. UPNko diputatuen botoaren zentzu aldaketaren albistea, gaitzespena eztabaidatzen ari zirela iritsi zen. “Zeharo hautsita dagoen udal gobernua” eta PSNren jarrera agerian geratu direla iritzi dio EH Bilduko Iruñeko zinegotzi Joseba Asironek. 

Nola bizi izan zenuten atzo osoko bilkura?

Plenoak jarraitzen zuen hasiera batetan idatzita zegoen gidoiari jarraiki. Enrique Maia hitz egiten ari zelarik hasi ziren iristen estekak eta mezuak; eta, orduan, batzuk behintzat diskurtsoa aldatu behar izan zuten.

Atzo gertatu zenak begi bistan jarri du PSNren jarrera, eskuinarekin akordioak egiteko prest da, nahiz eta kontrakoa esan izan duten azken egunotan.

Hori da nik uste lehenengo gogoeta. Niri atzo lau interbentzio zegozkidan; eta, benetan, ez nituen aldatu behar izan. Hitz gutxi batzuk baino ez nituen aldatu. Beste batzuenak, berriz, asko aldatu ziren. Enrique Maiaren adierazpenak arbuiagarriak dira eta ezin da motiborik aurkitu hori aldatzeko, ez 500 kilometrotara, gertatu den bezala, ezta hemendik bi kilometrotara ere, Nafarroako Parlamentuan. Politikak ez zuen zergatik izan behar azoka bat. Hortik aurrera agerikoa da Enrique Maiaren bakardadea, fidagarritasun falta, baina nik uste dut lehenengo gogoeta dela politika ez dela izan behar azoka bat. 

Enrique Maiak etekina atera dio gertatutakoari. Osoko bilkuraren hasieran aurtengo urteari begira luzatutako aurrekontuetan 27 miloi euroko aldaketak onartu ditu PSNrekin batera. 

Hori ez zen galarazi, pena Madriden gertatutakoa ordu erdi lehenago gertatu ez izana. Momentu horretan PSNk bere jarrera adierazia zuen; guretzat, jarrera ulertezina. Bakoitzak jokatzen du bere kartekin, eta zoritxarrez berriro hauspoa eman dio, nahigabe bada ere, PSNk Enrique Maiari.  

Alkatearen aurkako gaitzespena azkenean aurrera atera da, PSNek zuen gaitzespenaren alde bozkatu zuelako. Maiaren aurkako hirugarren arbuioa da. Alde horretatik, pozik zaudete? 

Lehia politikoan garaipenak eta porrotak izaten dira. Hiriarentzako okerrena erakusten den  mezua eta hemendik ateratzen dena da. Une honetan badugu, eta oraindik legealdiari gelditzen zaizkio 16 hilabete, zeharo hautsia dagoen udal gobernua. Alkate jauna zeharo galduta dago. Bakar bakarrik hartzen ditu mikrofonoak haren burutazioak esateko. Hori dramatikoa da, ez da pozik egoteko modukoa, Iruñea momentu honetan bururik gabe dagoelako, ez duelako lidergorik. Zinegotziek batetik bestera, eskandaluz eskandalu, eramaten dute alkatea. Hori hiriarentzat ez da ona. Legealdia antzua izango da; baina, gainera, politika sozialak aurrea ateratzeko ahalegina ezerezean geratuko da. 

Hauteskundeei begira honek mugarri bat ezarriko du?

Ez dakit. Gaur goizean Alzorrizek esan du adostasun zabalago bat zegoela prestatua UPN eta PSNren artean; beraz, ez dakit orain hemendik aurrera zer gertatuko den. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!