Arratsalde kitzikagarria izan zen Iruñeko udaletxeko bilkura aretoan, gertaerak bata bestearen atzetik kateatu zirelarik. 16:30ean hasi zen bilkura eta lehendabiziko puntua, aurrekontuetako aldaketa zen. Bezperan prentsaurrekoan iragarri bezala, PSNko Xabier Sagardoik, Navarra Sumaren proiektuaren alde eginen zutela iragarri zuen hitza hartu eta berehala.
Gauzak horrela, Navarra Sumaren udal-gobernuak 27milioi euro lortu zituen hainbat proiektu bideratzeko. Horren aurrean EH Bilduk eta Geroa Baik proiektu horiek eta batez ere Esporrinen udal-taldearen jarrera kritikatu zituzten
Osoko bilkurak bere horretan jarraitu zuen, 18.30ean hirugarren puntua iritsi zen arte. Orduan bozkatu behar baitzuten Enrique Maia alkatearen kontrako arbuioa. Maite Esporrinek ere serio hartu zuen hitza. Une horretan Iruñeko Alderdi Sozialistak, alderdiak UPNrekin Madrilen lan-erreformaren babesa adostu ostean, ez zuen arbuio-mozioarekin bat eginen.
Esporrinen hitzartzean deserosotasuna suma daiteke, “hala egitea eskatu digute” adierazi baitzuen, bere egin gabe alderdiaren erabakia. Bozketaren aurretik Enrique Maia alkateak hartu zuen hitza, eta 18.34aren bueltan iritzi zen lema-bira. PSNko udal bozeramaileak berriro eskatu zuen hitza. Haserre hitz egin zuen Maite Esporrinek eta UPN zein Navarra Sumaren aurka egin zuen, eta EH Bildu eta Geroa Bairekin bat egingo zuela iragarri zuen alkatearen jarrera arbuiatzerakoan.
Enrique Maiari ere iritsi zitzaion Madrilgo Kongresuan gertatu zena eta aurpegia eman behar izan zuen Esporrin eta PSNko zinegotzien aurrean.
“Neurriak hartuko ditugu” esan zuen Enrique Mayak, bere aurkako hirugarrengo arbuioa jasotzearekin batera. Edonola ere, atzoko arratsalde kitzikagarri horretan, Iruñeko alkateak, aurrekontuetarako, bere proiektuetarako 27 milioi euro lortu zituen.