Labriteko aldapako trafiko-zirkulazioa gaur eta bihar gauen itxiko dute, igarobidea konpontzeko aldamioak jartzeko lanei ekiteko. Urtarrilean Iruñeko Udalak iragarri zuen trafiko mozketak izango zirela obra-lanak direla eta baina ez zuen datarik zehaztu. Oraingoan TUC enpresa izan da mozketen berri eman duena, hiri-garraio publikoa kudeatzen duen enpresa hain zuzen ere.
TUC-ek jakinarazi duenez Iruñeko Udalak gaur gauean itxiko du Labriteko aldapa, 21: 00etatik 7:00etara, pasabidea indartzeko eta egokitzeko lanak egiteko beharrezkoak diren aldamioak jartzeko lanak amaitzeko. Ostegunetik ostiralerako gauean ere ordutegi berean eragingo die ibilgailuei aldaparen itxierak.
Erabat moztuko dute aldapa, bai Vergel kaleko bidegurutzean bai Amaia eta Nafarroako Gorteen kaleetako bidegurutzeetan. Abenduan, aldamioen parte bat jarri zuten beharginek Labriteko zaldaina indartzeko eta egokitzeko lanei ekiteko. Orain, gainerakoak jarriko dituzte aurreikusitako lanak egiteko erabiliko den egitura osatzen dutenak.
Garraio publikoaren 3, 5, 6, 11, 21 eta N3, N7 eta N8 lerroei eragingo die mozketak.