"Zoragarri desberdina, LGTBAI" kanpaina martxan jarri du Iruñeko Udalak sexu eta genero-aniztasunarekiko errespetua sustatzeko helburuarekin. LGTBIfobiaren kontrako kanpaina honen bidez Udalak hiriburuan LGTBI herritarrak ikusarazten eta "haien benetako berdintasuna sustatzen" lagundu nahi du. LGTBI+ kolektiboaren "eskubideak garatu eta bermatzea gizartearen eta erakundeen erantzukizuna" dela adierazi du prentsa-oharrean Iruñeko Udalak, eta instituzioen ardura gisa azpimarratu du ere "Lesbiana, gay, bisexual, transexual, transgenero eta intersexualek diskriminazio- eta indarkeria-egoerak pairatzea saihestea".
Kanpaina honek beraz "aniztasun afektibo eta sexuala askatasun osoz bizi daitekeela" sustatu nahi du.
LGTBAI kanpainaren martxan jartzeak bat egiten du Harrotu Zentroaren lehen hiruhilekoko programazioarekin. Martxora bitarte, 15 bat ikastaro, tailer, hitzaldi eta topaketa antolatu dituzte Harrotun, "herritar orori irekita eta doan".