Iruñeko Udalaren gehiengoak, Lehendakaritza Batzordean, lokal enblematikoak salbatzea erabaki du, Cafe Roch kasuaren antzekorik errepika ez dadin.
EH Bilduk aurkeztu du "establezimendu enblematikoak zein mendeurrena bete dutenak babestu eta sustatzeko" mozioa, eta bide batez arlo honetan gobernu taldearen "utzikeria eta gelditasuna" salatzeko. Adibide gisa, Comedias kaleko taberna jarri dute, Iruña zahar eta bohemiarraren azken gordelekuetako bat, itxi egin behar izan dutena.
EH Bilduk eraman du gaia bozketara eta PSNk eta Geroa Baik babestu egin dute. Maider Beloki zinegotziak hasiera eman dio eztabaidari, Cafe Rochen itxierak eragin duen "nolabaiteko alarma soziala" gogoratuz, “nahiz eta jabeek ahal bezain laster berriro irekiko dutela” agindu duten.
Ordezkari abertzaleak deitoratu du Udalak ez duela ezer egin horren inguruan, establezimendu horiek duten garrantzia azpimarratu eta zaintzeko.
"Cafe Rochen, 124 urteko historia duen hiriko bigarren ostalaritza-establezimendu zaharrenak etorkizunaren inguruan, aste honetan sortu den ziurgabetasunak, agerian uzten du, beste behin ere, gai honi heltzeko premia", adierazi du Belokik.
Azkenik, "Ehun urtetik gorako establezimendu eta saltoki enblematikoentzako babes-maila egokia bermatuko duen erregelamendu-proposamen bat zehaztea" eskatu dio gobernu-taldeari.
Geroa Baiko Patxi Leuzak deitoratu egin du Iruñean lokalak etengabe "ixten ari direla", baina, batez ere, azpimarratu egin du Comedias kaleko kafearen antzeko establezimendu "adierazgarrien" itxiera.
Geroa Baiko ordezkariak galdetu du ea Udalak Rochen inguruan kudeaketarik egin duen. Bide beretik mintzatu da Maite Esporrin PSNren bozeramailea.