Iruñeko Udalbatzak Enrique Maia alkatea gaitzetsi eginen du “xenofobo” izateagatik, azken egunotan behin eta berriz errepikatu dituen bakarrik dauden migratzaile adingabeen aurkako adierazpenak direla eta. Adierazpenotan gazteok eta delinkuentzia lotu ditu, inolako daturik eman gabe. Hauteskunde-estrategia dakusa EH Bilduk Maiaren jarreraren atzean, "ultraeskuindarren aldeko botoak lehiatzeko” ahalegina.
Hiriak segurtasun arazoa bizi duela esan du alkateak, eta azken asteetan migranteak jarri ditu jo puntuan. Esan duena esateko datuak dituela dio alkateak. Gezurretan ari dela uste du, ordea, Arangurenek.
Maiaren gaitzespena otsailaren 3ko osoko bilkurara eramanen du EH Bilduk. Baina ez dira bakarrak izanen. PSNk ere berea aurkeztu baitu. Esan dezakegu, beraz, Maia arbuiatuko dutela. Navarra Sumaren udal taldeak jasoko duen zazpigarren gaitzespena da; Maiaren aurkako hirugarrena.