Udalbatzak Maia gaitzetsiko du “xenofoboa” izateagatik

Euskalerria Irratia 2022ko urt. 21a, 07:40

Iruñeko alkatearen aurkako elkarretaratzea egin zuten atzo Udaletxe plazan, SOS Arrazakeriak taldeak deiturik.

Iruñeko Udalbatzak Enrique Maia alkatea gaitzetsi eginen du “xenofobo” izateagatik, azken egunotan behin eta berriz errepikatu dituen bakarrik dauden migratzaile adingabeen aurkako adierazpenak direla eta. Adierazpenotan gazteok eta delinkuentzia lotu ditu, inolako daturik eman gabe.

Hori horrela, Iruñeko Udalbatzan gehiengo osoa duten EH Bilduko, PSNko eta Geroa Baiko taldeek Navarra Sumako alkatea gaitzestea adostu dute. Zehazki, otsailaren hiruko osoko bilkuran bozkatuko da alkatea gaitzesteko adierazpena.

Elkarretaratzea Udaletxe plazan

Bitartean, atzo arratsaldeko zazpietan, elkarretaratzea egin zuten Iruñeko Udaletxe Plazan. Ekitaldiaren amaieran irakurri zuten agiriaren arabera, "urteetan zehar eraikitako diskurtsoaren lurreratzearen aurrean gaude azken asteetan, Mario Fabo Martzillako alkatea, Iruñeko Enrique Maia edo Carlos García Adanero bezalako parlamentarien ahoa betez eta, komunikabideen portadak eta albistegiak okupatuz", salatu dute.

"Hau urrutitik dator. Gizarte moduan urteak daramatzagu gerra-hizkuntzaren erabilera normalizatzen migrazioei buruz hitz egitean, delituak edo delituzko egintzak pertsonen jatorriari eta arrazalizazioari lotuz, aniztasuna etiketatuz eta arazo bihurtuz. Talde-irudimenean etsaiak sortzen dituzte, eta beldurra eragiten diote gizarteari. Horrela justifikatzen dute gizarte-kontrolaren areagotzea, bazterketa soziala, eta marjinetan gero eta gehiago geratzen diren kolektiboen eskubide eta askatasunen murrizketa", azaldu dute.

Eta estrategia honek indarkeriarekiko tolerantzia-maila igotzeko eta gizartean gorrotoarekiko erreakzio-maila jaisteko erabiltzen dutela azpimarratu dute. "Beldurra oparituz eta segurtasuna salduz", gehitu dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!