Jon Ander Urresti Ugalde, Bermeon jaio zen 1992an. Baserriz inguratuta hazi zen, tartean bizkaiko baserri zaharrenetako bati begira. Bera da 'Tribiz Baserri Galdue' antzezlan dokumentalaren egile eta protagonista eta hori bera proiektatuko dute igandean Kondestable Jauregian.
"700 urtetik gora dituen Bizkaiko baserririk zaharrenaren aurrean bizi naiz, atez-ate. Edo honetaz geratzen den harri eta haga erorien aurrean". Honela dio proiekzioaren sinopsiak hasieran.
Baserriak "Euskal Herriko bizitza ereduaren eta bizimoduaren oinarri eta ikur izatetik, turismoa erakartzeko pieza bihurtu" direla kritikatzen du Urrestik, beti ere, "nostalgian erori nahi gabe". Izan ere "argi dago gure aiton-amonek eta arbasoek bizimodu gogorra izan zutela" aitortzen du egileak baina "baliabideak erabiltzeko zuten kultura, orain eskatzen dugunaren antzekoa da, eta lanabes horiek oraindik diraute".
Lanabes horiek dira hain zuzen 'Tribiz Baserri Galdue' lanaren abiapuntua.