Mobiliziazioak iragarri ditu Sindicato Medico de Navarrak, “Oinarrizko Arreta Berreskura dezagun” lelopean. Sindikatuaren egoitzan eginiko prentsaurrekoan medikuen egoera zein den, haien eskariak zeintzuk diren eta aurreikusitako mobilizazioak azaldu dituzte, Javier Soria idazkari orokorraren ordezkoak eta Pilar Anadon eta Juan Ramon Sanchiz mediku eta sindikatuko kideek.
Gaurkoan errepikatu dute aspaldi hasi zela Oinarrizko Osasun Arreta ahultzen eta pandemiak mediku kopuru aldetik ahulen zegoenean harrapatu zuela Osasunbidea, egoera bideraezina eginez. Besteak beste gobernuari leporatu diote hitzartutako akordioak ez betetzea. Gobernuak eginiko azkeneko iragarpena izan da aurrerantzean eginen mobilizazioen pizgarria, hau da, Osasunbideko profesionalen oporrak bertan behera uztea, baina beste batzuk zerrendatu dituzte, besteak beste lan baldintza txarrak kritikatuta eta medikuen soldatak estatuko kaxkarrenetakoak direla argudiatuta.
Sindicato Médico de Navarraren bozeramaileen hitzetan “Nafarroan praktika klinikoa oztopo lasterketa bilakatu da”. Medikuak "erabat etsita" daudela salatu du Jesus Soriak.
Profesionalen falta agerikoa da, Lehen Arretan 74 mediku falta direla adierazi dute, 49 Iruñean eta Nafarroako iparraldean, 13 Lizarraldean eta 12 Erriberan. Profesional faltak, gehi pandemiak eragindako arreta zerbitzuaren presioaren gorakadak “nahasketa leherkorra” osatu dutela kritikatu dute eta osasun arloko politikaren norabide aldaketa aldarrikatu dute. Besteak beste horretarako Parlamentuan premiazko agerraldia eskatuko dute.
Presioa egiteko asmoz gainera heldu den ostegunerako, hilak 20rako, elkarretaratzea deitu dute Nafarroako Parlamentuaren atarian eta deia luzatu diete osasun arloko gainontzeko sindikatuei eta herritarrei. Gainera ez dute lanuzterik baztertu.