Aurreko asteko ostiraleko irekiera ekitaldiaren ondotik, asteazkenean zabaldu zituen ateak Gazteluko Plazako Laba aretoak. Erantzunarekin pozik daude. "Ez genekien noiz egongo zen mugimendu gehiena, gosariak ematen ditugu eta goizean izanen zela uste genuen. Baina arratsaldean ere jende mordoa hurbildu da", azaldu du Metropoli Foralean Samara Velte kideak.
Kafea, tostadak eta zukuak eskaintzen dituzte, besteak beste, kafetegian. Baina hori baino gehiago da Laba. Hasiera baino ez da izan hau, ohartarazi du Veltek: "Gauza gehiago gertatuko dira Laban". Denda hornitzen ari dira orain, eta tokiko ekoizleen bila ari dira; eta oholtzako eskaintza prestatzen ari dira.