EH Bilduk salatu du Maiaren gobernua "gastatutako dirua proiektu antzuetan inbertitu" duela

Euskalerria Irratia 2021ko abe. 28a, 12:54

Joseba Asiron eta Marian Aldaia gaurko prentsaurrekoan.

2021eko inbertsioen balantzea egin du oposizioko alderdi nagusiak eta kritikatu du 13 milioi euro gastatu gabe utzi dituela Navarra Sumak

Amaitzear den urtearen kudeaketa ekonomikoaren balantzea egin dute Joseba Asiron eta Marian Aldaia zinegotziek. Heldu den abenduaren 30ean egingo den aurrekontuen bozketan ezezkoa aterako dela aurreikusita, egun horretatik aurrera “gehiengo progresistak Maiaren gobernuak eginiko xahutzea bideratzeko lan egiteko” abertzaleen koalizioak bere prestutasuna adierazi du.

Lehenik eta behin Joseba Asironek nabarmendu du 2021. urterako aurreikusitako inbertsioen %30a behintzat ez duela bete Navarra Sumak, hain zuzen ere udalek inbertitzeko “inoiz izan duten erraztasun gehieneko unean”. Gaitasun eza leporatu dio Asironek Enrique Maiaren aginte taldeari eta gogor jo du eskuineko hirukoaren aurka, eginiko inbertsioengatik.

Zentzu honetan eta Garbiñe Bueno Zabalak kargua hartuta, oposizioko alderdi nagusiak aurreikusi du aurrekontuak ez direla aurrera aterako eta beraz 2021ekoak luzatuko direla. Egoera horretan, Marian Aldaiak ohartarazi du, Udal Gobernuak proiekturen bat aurrera atera nahi izatekotan oposizioaren laguntza beharko duela ezinbestean. Gainera gogorarazi dute aukera dagoela aurreikusitakoa baino diru gehiago inbertitzeko zenbait arlotan, 2020. urtean egin bezala.

Gauzak horrela eta legealdiko lehen urteko esperientzia oinarri izanik inbertsioen bidez etxebizitza, berdintasuna, jasangarritasuna eta klima-aldaketaren aurkako borroka oinarri izango duen programa ekonomikoa osatzea proposatu dio EH Bilduk, PSN eta Geroa Bairi. 

 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!