Neguko kulebroi politikoa amaitu da Iruñean. Garbiñe Bueno Zabalzak (EH Bildu) abenduaren 30erako kargua hartua izango du eta beraz egun horretan egingo den hiriburuko Aurrekontuen bozketan parte hartzeko aukera izango du. Modu honetan Navarra Sumaren 13 zinegotziek ez dute oposiziokoek (14) baino gehiago batuko eta aurreikusi daiteke, beraz, aurtengo kontu orokorrak luzatu beharko dituela Enrique Maiaren gobernuak.
Iruñeko EH Bilduk adierazi du, modu honetan "Maiaren kontuak atzera botako direla eta alkateak
ezingo duela inposatu Aurrekontuak aurrera ateratzeko prestatzen ari zen putxerazoa hautestontzietatik sortutako gehiengoen sistemari kasu egin gabe”.
Abertzaleen koaliziotik nabarmendu dute heldu den astean “ez direla onartuko Aurrekontu batzuk, esan genuen bezala, irrealak baitira, izango ez diren diru-sarreren aurreikuspenetan oinarritzen direlako" eta gaineratu du Iruñeko agintarien eta Nafarroako Gobernuaren arteko "liskarra arintzeko diseinatutako" kontuak direla Navarra Sumak aurkeztutakoak.
EH Bildutik azpimarratu dute modu honetan legegintzaldiaren lehen ikasturtean egin bezala "eskuinaren desmanak kontrolatzeaz gain, inbertsioak antolatzeko gai" izan zela oposizioa "gehiengo aurrerakoiaren politikak garatuta".
Udal agintari gorenari leporatu diote "etekin politikoa ateratzeko inongo eskrupulurik" ez izatea eta "bere helburu alderdikoiak lortzeko, 2019ko hauteskundeen ondoren hautestontzietatik sortutako ordezkagarritasun demokratikoaren printzipioa urratzeko prest" egotea.