Giro beroa dago Iruñeko Udalean. Pasa den ostiralean Joxe Abaurrea EH Bilduko zinegotziaren inhabilitazioa ezagututa, Navarra Sumak aurrekontuen gaineko eztabaida eta bozketa prozesua abian jarri zuen. "Atzeratu egin dute prozedura, epaitegietatik inhabilitazioa etorriko zela zekitelako" salatu du Euskalerria Irratian Joseba Asironek, "Beste urtetako prozedura atzeratu eta bi astetan konprimitu dute, inhabilitazio honek sortutako desorekaz baliatzeko".
Euskalerria Irratian egindako elkarrizketan Asironek Enrique Maya eta bere gobernu taldeko kideen jarrera salatu du asteburuan izandako uholdeetan. "Ardura guztiak Ebroko konfederazioari botatzen dizkiote baina Udalak ez zuen ongi kudeatu egun horretan egon zen kaosa trafikoan, haur eskoletan, udal zerbitzuetan..." adierazi du EH Bilduko zinegotziak, "Ez ziren kapazak izan Arrotxapera jeisteko bizilagunekin egotera".