Joxe Abaurreak zinegotzi karguari uko egin dio 2019ko txupinazoaren epaia dela eta

Euskalerria Irratia 2021ko abe. 10a, 12:39

Joxe Abaurrea zinegotzi ohia eta bere lekua hartuko duen Garbiñe Bueno Zabala (EH Bildu).

Iruñeko EH Bilduk ohartarazi du "ez diola utziko Maiari egoera hori erabiltzea Aurrekontuak onartzeko". 

2019ko txupinazoaren gertakariak epaitegietan zirela eta akordio judiziala erdietsi dute, Joxe Abaurreak, inplikatutako udaltzainak eta Carmen Albak, gertakarietan ere inplikatutako Navarra Sumako zinegotzia. Horren arabera, abertzaleen koalizioko zinegotziak sei hilabetetik beherako espetxe-zigorra onartuta itxiko da auzia, baina ez du espetxean sartu behar izango Abaurreak ez baitu aurrekari penalik. Gainera ez du hauteskunde-zerrendetan parte-hartzerik izanen. 

Testuinguru honetan Joxe Abaurreak, EH Bilduk Iruñeko Udalean duen zinegotziak, ohar bidez aditzera eman du kargua uzteko erabakia. Abertzaleen koalizioak azaldu duenez, "idazkia Osoko Bilkuraren Idazkaritzan aurkeztu da, eta hilaren 16ko bilkuran gauzatuko da". Hori ez gertatzekotan, "Aurrekontuen eztabaida amaitzen denean" amaituko da Abaurrearen kargugabetzea. Eztabaida hori, Enrique Maiak abenduaren 30erako ezarri du gaur. Gauzak horrela EH Bilduk salatu du "murriztu egingo" direla "Abaurrearen ordezkoak, Garbiñe Bueno Zabalzak, parte hartu ahal izateko epeak". "Oposizioko lehen indarra izanik, EH Bilduren erantzukizuna, Aurrekontuak bezalako espediente garrantzitsu batean herritarren gehiengoaren borondatea errespetatzen dela bermatzea da" adierazi du Joseba Asironek. Azpimarratu du "aurrekontuak ezin direla aurrera atera alkatearen interes alderdikoiengatik". EH Bilduren ustez "Abaurrea ez egoteaz aprobetxatu nahi luke Alkateak, bere kalitatezko bozkak berdinketa posible bat apurtuko bailuke” Iruñeko bozeramaile Joseba Asironek azaldu zuenez.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!