Pasa den urriaren 28an, “Desenredos 3.0 Construir una marca un reto decisivo” jardunaldietan, Edurne Elio Aldunate San Fermin jaien inguruan esandako hitzak "onartezina" direla uste du plataformak. "Gaur egun Iruñeako udaletxeko komunikazio arduraduna denak, bere hitzekin bertan behera uzten du ez bakarrik jai esparruan eraso sexisten kontra hamarkadetan hiritar eta herri mugimenduaren eskutik mugimendu feministak egindako lana, baizik eta instituzio berak egindakoa ere", gaitzetsi dute.
Eliok, plataformaren iritziz, "udal gobernua zikindu" nahian, kolokan jarri du 2014.urtetik egindako lana. Ohar bidez salatu dutenez, komunikazio arduradunak esandakoa ez da egia eta "estutasunean jartzen du gaur egungo udal gobernua".
"Badirudi Elio andereak ez duela ezagutzen edo ahaztu duela Sanferminak Berdintasunean Taldea, non gure Plataformak parte-hartzen duen, 2014ean sortu zena Emakumearen Udal Kontseiluaren babespean. Ahazten du ere, data horretan gure hiriko alkatea gaur egungo bera zela, Enrique Maya jauna alegia, beraz, Talde hau UPN-ren agindupean sortutako taldea da", gogoratu dute.
Sanferminak Berdintasunean taldeak eraso sexisten kontrako protokoloa garatu zuen, Emakumeen Udal Kontseiluak eta ondorioz udal gobernuak bermatutako protokoloa. Eliok, baina, horren kontra egiten du hitzaldian: "Behin eta berriz protokolo horretan adostutakoaren kontra jotzen du Eliok. Horrela, bere esposizio guztian bai Sanferminak Berdintasunean taldeak bai udalak hainbatetan emakumeentzat iraingarriak eta nahi dugun jai eredua ez dutelako ordezkatzen salatu dituen irudiak erabiltzen ditu".
Plataformak, Edurne Elioren adierazpenak gaitzesteaz gain, indarkeria matxista eta bereziki, jai esparruan eraso sexisten kontrako konpromisoa berretsi du. Elio anderearen hitzak berehala errefusatzea exijitu dute.