Jon Basagurenek Metropoli Forala saioan aurreratu duenez, gaurko emanaldian “momentuaren gorazarre moduko bat” eginen dute.
Bere hitzetan, “badago ikuskizunean hausnarketa bat sortze prozesuaren inguruan, denborak eta sortzeak sortzen dituzten zalantzak”.
Hausnarketa horren inguruan hainbat galdera piztu zaizkie Basagureni eta Astizi: zer da poesia? Zer da musika? Zer da kanta on bat? “Galdera horiei erantzunen bat ematen saiatuko gara”, iragarri du Basagurenek.
Musikari dagokionez, Basagurenen Pasadena proiektu berriaren kantarik ez da entzungai izanen gaur Kondestablen; izan ere, diskoa joan den astean plazaratu zuten, eta ikuskizuna sortu zutelarik kantuok oraindik sortzeke zeuden.
“Izaki Gardenak taldearen zenbait abesti joko ditut, eta horiez gain moldaketa pare bat prestatu ditut honetarako. Normalean zuzenekoetan jotzen ez ditudan kantuak”, azaldu du Basagurenek.
Astizen ekarpenari dagokionez, honako hau aurreratu du musikariak: “Bere poema batzuk errezitatuko ditu, harilkatuta nire kanturen batekin, beste poeta batzuen poesiak itzulita errezitatuko ditut, nik ere bai”.
Poesia eta musika, musika eta poesia, modu bananezinean eskainiko omen dute gaur: “Hasieratik argi genuen ez zela poesia eta musika uztartu nahi genituela osotasun batean, harilkatuta, ez bakoitza bere aldetik”.