"Amorruzko oihua" kalera aterako du Indarkeria matxistaren aurkako plataformak azaroaren 25ean. "Hiltzen, bortxatzen eta hiltzen jarraitzen gaituzte", salatu dute, deitoratuz patriarkatua jo puntuan jarri arren, ez dela ezer aldatu.
Indarkeria mota guztiak ikusgarri egin nahi ditu plataformak: sexuala, psikologikoa, ekonomikoa, bikarioa, medikua eta obstetrikoa, feminizidioak, trata, mutilazio genitala, ezkontza goiztiarra, ziberbullinga, sextinga, emakume migratzaile eta desgaitasunen bat dutenen aurkakoa, judizial eta instituzionala.
Horiekin guztiekin bukatzeko erakunde "konprometituak" behar direla ohartarazi dute. Elkarretaratzeetatik harago, indarkeriei aurre egiteko ekarpen ekonomikoa beharrezkoa dela ekarri dute gogora. Hala, Nafarroari eskatu diote aurrekontu feministak lantzeko. "Ez dugu promesa faltsurik nahi", adierazi dute.
Eragile sozial eta politiko guztiak norabide horretan lan egitera bultzatu dituzte. Aske izateko, indarkeriarik gabeko bizitza orain! lelopean egien dute protesta, azaroaren 25ean. Hasiera ohikoan ez bezala Baluarte plazan izanen da, 20:00etan.