Navarra Sumak datorren astean onartuko du Zaragoza etorbidean merkataritza-gune bat, zahar-egoitza bat zein hotel bat, eta bulegoetarako bi eraikin eraikitzea ahalbidetuko duen proiektu urbanistikoa.
Hiriko Gobernu Batzordeak onartuko du heldu den astean plangintza hori, Jose Javier Etxeberria zinegotziak azaldu duenez. Gero osoko bilkurara igorriko dute erabakia.
Aurreikuspenen arabera, osoko bilkuraren gehiengoaren onarpena jasoko du, PSNko udal taldeak hasieratik babestu baitu tramitazioa. Maite Esporrinen taldeak plan urbanistikoaren egiturazko aldaketa proposatu zuen, eta ekarpen horrengatik duela urte batzuetatik gelditutako proiektu bat berraktibatu ahal izan zen.
Alferrik izan dira Azpilagaina, Iturrama eta Arrosadiako merkatarien eta auzo-elkarteen protestak, ezta EH Bilduren eta Geroa Bairen ekimenak ere. Gogoratu beharra dago 2.000 sinadura baino gehiago bildu zituztela Azpilagainaa, Arrosadia eta Iturramako herritarrek ekainean, herriko merkataritzaren alde eta Zaragoza etorbidean proiektatutako merkatal-eremu handiaren aurka.
Aipatutako lursaila Iruñea eta Galar arteko mugan dago, Zaragoza etorbidearen eta Nafarroa etorbidearen artean, animalien arretarako zentroaren eta Sadar kalearekin lotzen duen gasolindegi berriaren ondoan. 61.185 metro koadroko azalera hartzen du. Bertan aurreikusten dute CCOO eta UGT sindikatuen egoitza berriak kokatzea.
Elsario SL eta Jamyda Patrimonio SL enpresek sustatu dute proiektua, horiek baitira lurzoruaren jabe nagusiak.