Hasi dira gabonetako argiak jartzen Iruñeko karriketan

Euskalerria Irratia 2021ko aza. 9a, 12:18

Gabonetarako hilabete terdi falta den arren, hiriko kaleak hasi dira ospakizunetarako prestatzen. Gaur goizean hasi dira udal langileak Alde Zaharreko kaleetan lehendabiziko argiak paratzen. Azaroaren 26an, ostiralean, piztuko dituzte.

Gabonetako argiztapena ohi baino hiru egun aurretik piztuko da aurten, Iruñeko merkatariek horrela eskatu diotelako Udalari. Ohiturak esaten zuen, Iruñean, azaroaren 29an, Done Saturdi egunean hasten zela gabon garaia eta orduantxe pizten zirela argiak.

Udalak argiztapen berezi honen berri eman aurretik, aurten, aurrekoarekin alderatuta ez da aldaketa handiegirik espero. Iaz %25 gehiago gastatu zen gabon argiztapenean.

2020an 236 argi-arku jarri ziren hiri osoan zehar, kale-argien dekorazioa Zabalgunean, Gabonetako irudiak hainbat espaziotan, hala nola Askatasunaren, Gurutzearen, Vianako Printzearen edo Merindadeen plazetan eta Udaletxearen, Udaletxe Plazaren, Gazteluko Plazaren eta Karlos III.aren fatxadarako bereziki diseinatutako sorkuntzetan.

Aurrekontua 156.337,50 eurokoa izan zen, 2019an gastatutakoa baino % 25 gehiago.

Joan den apirilean, Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak Gabonetako argiak hornitzeko kontratuaren luzapena onartu zuen, 165.505 euroko kostuarekin.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!