Txibitek autokritikarik egin ez duela salatu du oposizioak

Euskalerria Irratia 2021ko aza. 4a, 12:55

Oposizioko alderdiek gogor kritikatu dute Maria Txibite Nafarroako presidenteak erkidegoaren egoerari buruzko eztabaidaren hasieran emandako hitzaldia. Navarra Sumarentzat "erabateko desengainua" izan da diskurtso hori, eta EH Bilduk bere "autobomboa" eta "autokritika falta" kritikatu ditu.

Maria Txibite presidentearen hitzaldiaren ostean hedabideei egindako adierazpenetan, Carlos Perez-Nievas Navarra Sumako parlamentariak "erabateko desengainua" agertu du presidentearen hitzaldiarekin, "gobernuko kideek txalotu ere egin ez dutelako". Laudorioak baino ez dituela adierazi salatu du eskuineko hirukoak, eta proposamen bakar bat egin ez duela salatu du. 

Ezer berririk esan ez duela uste du, halaber, EH Bilduk, aukera bat galdu duela. "Autokonplazentzia, autobombo asko eta autokritikarik ez", adierazi du EH Bilduko Adolfo Araizek. Kontseilariek ganberan egindako balantzearen eta etorkizuneko erronken agerraldietan kontatu duten gauza bera entzun dutela salatu du. Eta harritu egin direla ere aipatu du, Nafarroa aurrera doa esan duelako presidenteak, Alderdi Sozialistaren kongresuaren leloa izandakoa. 

Txibiteren gobernu kideek ere zenbait gai sumatu dituzte faltan. Maria Solana Geroa Baiko parlamentariak adierazi duenez, Txibitek bere hitzaldian azaldutakoaren zati handi bat "partekatzen" dute. Baina ohartarazi du aipatu gabe gai garrantzitsuak utzi dituela. Gobernuak emandako hitza bete behar duela gogorarazi dio gobernuari, eta Geroa Bai horretan “bazkide zorrotza" izango dela ohartarazi du.

Ahal Dugu-ko Mikel Builek uste du "kudeaketa" eta "egiten ari den lanaren inguruko kontuak emateko" diskurtsoa izan dela eta faltan bota du "erkidego gisa ditugun erronka handiei balioa ematea". Azkenik, Marisa de Simon I-Eko bozeramailearen ustez, presidentearen hitzaldia "laua" izan da, "kudeaketan zentratuta eta sakontasun politiko gutxirekin”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!