Lehendabiziko 24 orduetan doakoa izango da Arrotxapeako aparkaleku berria

Euskalerria Irratia 2021ko aza. 2a, 12:52

Udalak eredu berria ezarri du Cardenal Ilundain IP-ko disuasio-aparkalekuan.

Heldu den asteartetik aurrera Iruñeko Udalak aparkaleku mota berri bat jarriko du martxan Arrotxapea auzoko Cardenal Ilundain IP ondoan dagoen aparkaleku librekoaren gunean. Bertan dohainik aparkatu ahal izango da lehenengo 24 orduetan eta bigarren egunetik aurrera ordaindu beharko da. Egokitze lanek 70.943 euroko kostua izan dute.

Asmoa da egungo aparkalekua txandakako aparkaleku bihurtzea, egunez-egun autoak doan utzi ahal izateko aukera emanez gune horretara joaten diren pertsonei, eta handik oinez edo hiri-garraioan behar den lekura  mugi daitezen. Aldaketa honekin, auzoko kaleetan barne-zirkulazioak saihestea, inguruko bide-segurtasuna hobetzea eta iraunkortasuna areagotzeko helburua du Udalak. Aparkalekuak 250 plaza ditu, baina gaur egun kopurua ez da zehatza, ibilgailu asko aparkatuta baitaude era iraunkorrean. Txandakatzea 100 plaza baino gutxiagora mugatzen dela kalkulatzen dute udal agintariek.

Aparkalekura sartzeko hesiak automatikoki irekiko dira, irakurketa-kamerek ibilgailuaren matrikula detektatzen dutenean. Gauza bera gertatuko da aparkalekutik irtetean egonaldia 24 ordutik beherakoa izan bada. Bestela, 24 ordu baino gehiagoz aparkatuta, zenbatekoa aldez aurretik kutxazainean ordaindu beharko da, matrikula-zenbakia adierazita. Ez da inolako tikerik inprimatuko. Beraz, aparkalekua doakoa izango da aparkaldiaren lehen 24 orduetan eta hortik aurrera, 4 euro ordainduko dira egun batean aparkatuta edukitzeagatik, eta 3 euro bigarren egunetik eta hurrengoetatik aurrera eta egun bakoitzeko. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!