Gustu anitzetarako kartela osatzen ahalegindu da beste urte batez Hatortxu Rock. 25. edizioa antolatzeko erlojuaren kontra aritu dira dena lotzen. Azkenean, estilo eta jatorri ugariko hamazazpi taldeko osatuko dute Atarrabian eskainiko duten eskaintza. Gehienek, gainera, estreineko aldia izango du elkartasun jaialdian.
Sarrerarik ez dago baina. Ordu eta erdi eskasean agortu ziren, salgai jarri ziren egun berean. Zein taldek joko zuen jakin aurretik.
Antolakuntzak dena den, gogora ekarri du, urtero oholtzara igotzen diren taldeen gainetik kartelburuak beti direla berdinak: "Euskal preso politiko, iheslari, deportatu eta haien senideak. Gure kartelaren, gure lanaren, gure auzolanaren zergatia".
Auzolan erraldoi baterako prestaketetan daude dagoneko, eta hori dela-eta, mundu guztia animatu nahi dute antolaketan parte-hartzera. "Denon artean egiten dugula diogunean, ez da esaldi huts bat", aitortu dute..