Euskarari bultzada berria emateko martxan da udazkeneko Errigoraren kanpaina

Euskalerria Irratia 2021ko urr. 25a, 18:48

Abian da Errigoraren bederatzigarren kanpaina, udazkenero bezala ‘Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka’ lelopean. Nafarroako hegoaldeko produktuz osatutako saskiak hamaika etxetara eramaten ditu Errigorak, eta dagoeneko dinamikaren ibilbidean 100.000 produktu sorta baino gehiago banatu dituzte

Ablitasen aurkeztu zuten eta ‘Herriak egiten du herria’ izango da aurtengo udazken kanpaina lagunduko duen esaldia. Urriaren 23tik azaroaren 11ra luzatuko den auzolan-ariketa erraldoi honetan Nafarroako hegoalde eta produktuz osatutako 3 saski eskainiko dituzte eta horien balioaren %25 zonaldeko euskalgintzari bideratuko zaio.

Saskiak beltza, berdea eta zuriak izango dira. Lehena betikoa da, bigarrena produktu ekologikoak dituena eta hirugarrena gutiziaz osatutakoa. Horiek www.errigora.eus webgunean, herriz herri eta auzoz auzo laguntza ematen duten elkarte edo guneetan edo Errigoraren telefonora deituta eskatu daitezke, hau da 848 87 12 23 zenbakian (Iparraldetik deituta 532093545).

Errigorarekin batera sortu zuten iaz Agerraldia mugimendua, Erriberan euskararen aldeko herri-mugimendua auspotzeko helburuarekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!