Saiakera egunak izan dira azkeneko partiduan orkatilan min hartu zuen Kike Garciarentzat eta baita errekuperatze fasean diren Aridane, Jonas eta Budimirrentzat. Astean zehar Kikek eta Jonasek bakarkako lana egin dute Taxoareko orlegian. Atzelari bizkaitarra izan ezik jokalari guztiak taldearekin ari dira entrenatzen dagoeneko eta pozik agertu da Jagoba Arrasate entrenatzailea egoerarengatik.
Gauzak horrela garaipena lortuta gorritxoek lidegortzan egingo lukete lo 20 punturekin. Arrasatek puntuei eman die garrantzia, azpimarratuta une honetan sailkapenak ez duela horrenbesteko garrantzirik kirol ikuspegitik behintzat. Puntuak pilatzeko garrantziaz mintzatu da, gero egutegia zailtzen baitzaie Gaztelu plazakoei.
Andaluziarrek 6 puntu dituzte eta jaitsiera postuetatik kanpoko lehen posizioa markatzen dute. Partidu bakarra irabazi dute, etxean Sevillaren aurka eta 3 partidu berdindu.
Kirolaz harago ospakizun eguna izango da Sadarren. Izan ere klubak mendeurrenaren urtea ixteko egitarau berazia antolatu du. Partidua hasi aurretik Serafin Zubirik ehungarren urteurreneko kanta abestuko du zaleen aurrean eta gainera, Osasunan aritutako 11 jokalarik Sadarreko berdegunean desfilatuko dute klubaren historian izandako harmarriak erakutsiko dituzten bandera bana eramanez. Gainera 80 metroko luzera duen bandera batek estaliko du ekitaldian zehar alboko armaila.
Esan bezala, Granada eta Osasuna buruz buru lehiatuko dira Sadarren gaueko bederatzietatik aurrera eta ospakizunen hasierarekin batera, sintonia honetan entzuleek jarraitu ahal izango dute kontakizuna. Klubak jakinarazi berri du salmentan ateratako sarrera guztiak agortu egin direla.