Legegintzaldian bigarren aldiz gaitzetsi dute Enrique Maia

Euskalerria Irratia 2021ko ira. 14a, 12:35

Oposizioko taldeei informazioa ematera behartzen duten bi ebazpen betetzeko eskatu diote PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik Iruñeko alkateari.

Navarra sumak haur-eskoletako hizkuntza-ereduei buruz prestatzen ari zen inkesta bateko datuak emateari behin eta berriz emandako ezezkoagatik izan zen lehenengoan. Gaia Administrazio Auzitegira heldu zen, eta ondoren 1. epaitegira pasatu zen, gobernu taldeak aurkeztutako helegite baten ondoren.

PSNk aurkeztu du gaur adierazpena, eta Navarra Sumaren "jarrera demokratikoa" zalantzan jarri dute sozialistek, informazio eskubidea ez errespetatzeagatik eta diru publikoa planteamendu horren defentsan erabiltzeagatik. 

Navarra Sumatik, Ana Elizaldek ez du argitu Gobernu taldeak beste helegite bat aurkezteko asmorik duen, eta hori ez aurkeztea bezain aukera errespetagarria dela esan du. Haien aurka jotzeko argudio juridikorik ez izatea leporatu die sozialistei.

Ez hori bakarrik. Haren txandan aurreko legegintzaldian laukoak haur-eskoletan jarri zituen aldaketak kritikatu ditu eskuinekoak, eta udaletxeko fatxadan ikurrinak jarri izana ere aipatu du.

Hitzak entzunda argudiorik ez dutenak Navarra Sumakoak direla esan du EH Bilduko Mader Belokik, eta bazterrak nahastea leporatu dio.

Oposizioren aldeko botoekin, bigarren aldiz gaitzetsi du gehiengoak Enrique Maia. Legegintzaldi honetan, Fernando Sesma eta Fermin Alonso zinegotzi delegatuak ere gaitzetsi dituzte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!