Amaitu da Navarra Sumaren udal gobernuak antolatutako hipika txapelketa. Atzo egin zituzten azken probak. Zaldirik ez dago, zaldizkorik ere ez; baina hondarra, bai, tonaka Ziudadelako hobietan. Eta argitu gabeko galdera zenbait: Zer ezkutatzen dute Ziudadelako hondar tonek azpian? Nola berreskuratuko dute belardia? Nork hartuko du kaltearen ardura bere gain? Nork ordainduko du lana?
Antolakuntzak esan du espazioa egokituko duela, baina udalak ez du argitu nork hartuko duen hobiak berreskuratzeko eta hondarra kentzeko ardura. Osteguneko osoko bilkuran Maria Caballero zinegotziak ez zuen argitu. Baina argi adirerazi zuen, eskuineko hirukoari asko gustatu zaiola txapelketa eta datorren urtean berriro antolatuko dutela.
Baina udal gehiengoak, oposizioak, ez du onartzen udalak hartzea ardura. Taldeek uste dute irregulartasunak egon direla espedientearen tramitazioan, atzerapenak txostenetan, opakutasuna eta gezurrak, UPNko zinegotzi eta parlamentari ohi baten inplikazioaren harira.
Bien bitartean, Hipikarik ez! plataforma kalera aterako da gaur, hurrengo urtean hipika txapelketarik nahi ez dutela salatzeko. Ziudadelara hondartzako arroparekin joateko deia egin diete herritarrei, beraz, umoretsua espero da gaur arratsaldeko bostetan eginen duten protesta.
Hamar egunez luzatu da hipika txapelketa, irailaren 2an hasi ziren entrenamenduak. Tartean 200 zaldiez gain, dozena bat kamioik zapatu dute gaztelugibeleko belardia.