Alde Zaharreko jai batzordeak sanfermin txiki jaiak bertan behera uztea erabaki du, eta ez du festa giroko jarduerarik antolatuko irail amaierarako. Hala azaldu zuten atzo ohar batean. Batzordeak aste honetan bertan helarazi dio erabakia Iruñeko Udalari. Iaz egin zuen bezala, elkarteak "auzotarren ongizateari lehentasuna ematea" eta jaiak "segurtasun baldintzetan" ospatu arte atzeratzea erabaki du.
Jai txikirik gabeko bigarren urtea da Iruñean. Ekainean, Enrique Maya alkateak aitortu zuen bere "ilusioetako" bat uda amaieran hirian zezenketak egin ahal izatea zela, horrelako ekitaldiak sanfermin txikiko egunetan sartzeko aukerarekin. Hala ere, egoera epidemiologikoa dela eta, festa egitarau oro bertan behera gelditu behar izan da berriro ere.