Hasi dira Ziudadela hondarrez betetzen, Navarra Sumaren azken okurrentzia polemikorako, zaldi lasterketetarako. Atzo goizean, gotorlekuaren zorua egokitzeko lanetan aritu ziren. Gasteizko Trans Araba enpresako zenbait kamioik eraman zuten harea Iruñera, lasterketetarako pistak sortzeko. Zentimetro batzuk behar dira, eta txapelketaren tamaina ikusita, are hondar gehiago eramango dutela aurreikus daiteke.
Iraileko lehen bi asteburuetan ospatuko duten egitasmoak zalantza ugari sortu ditu herritarren zein udaleko oposizioaren artean, ez baitago argi zer babesle izango dituen, ezta zer gastu ekarriko dion Iruñeari. Esaterako, EH Bilduk informazio eskaera egin du, eta kritikatu ditu ekimen honen gainean duden iluntausuna, opakutasuna eta interes pertsonalak.
Gogoratu beharra dago Iruñeko Udaleko Hirigintza zinegotzia Nafarroako hipika Federazioko kidea dela, eta UPNko zinegotzi ohi eta parlamentari ohi bat, Amaia Otamendi, arduratzen dela proiektuaz.
Datorren asterako aurreikusita dago zaldientzako boxerrak instalatzea, baita txapelketako beste instalazio batzuk ere. 2.000 pertsona inguru bertaratuko direla kalkulatzen da.
Hipika-jarduerak 219.550 euroko aurrekontua du, eta soilik Ziudadelan pistak instalatzeak 135.000 euroko kostua du, eta beste 3.000 euro beharko dira lurzoruak prestatzeko.