Enrique Mayak Txantrean eremu urdina ezartzeko asmoari eusten dio, Arartekoaren gomendioen gainetik

Euskalerria Irratia 2021ko abu. 18a, 09:52
Txantreako hainbat bizilagun, eremu urdinari lotutako prentsaurreko bat eskaintzen, uztailean.

Interesdun guztiei ordainpeko aparkatze sistemari lotutako informazio guztia eta beren iritzia emateko aukera emateko iradoki dio udalari. Mayak, ordea, ez du alde batera egiteko asmorik. Gaur manifestazioa egingo dute auzoan. 

Iruñeko Txantrea auzoko bizilagunek ez dute ulertzen zergatik inposatzen zaien ordainpeko aparkatze sistema, auzoan mugikortasun arazorik ez dagoenean. Iruñeko Udalak ez die jaramonik egin: udak dakarren lasaitasuna baliatuz. Arartekoak arrazoia eman die txantrearrei. Francisco Javier Enerizek Iruñeko Udalari iradoki dio "auzoan aparkaldi mugatuko eremua ezartzeari dagokionez, parte hartze prozesu bat garatzeko, interesdun guztiek (bizilagunak, merkatariak, beste kolektibo batzuk...), informazio osoa jaso ondoren, beren kezkak, oharrak, alegazioak, alternatibak eta abar osoki adierazi ahal izan ditzaten, eta, interes guztiak haztatuta, dagokion erabakia har dezaten".

Mayak, ordea, bereari eusten dio: ziurtatu du aurrera jarraituko duela. Dioenez, inoiz ez da galdeketarik egin eremu urdina ezartzeko, eta arrazoi teknikoengatik ezarriko dute.

Bien bitartean, txantrearrek gune urdinaren aurka mobilizatzen jarraitzen dute. Auzoko hainbat kolektibotako ordezkariek udalaren erabakiaren aurkako 4.300 sinadura bildu dituzte; arartekoarengana jo dute, eta gaur, manifestazioa egingo dute.

Auzotar gehienak haserre daude, ez dutelako gune urdinaren beharrik ikusten Txantrean, eta inposaketa bat dela uste dutelako. Trabak  baino ez dituela ekarriko diote, eta merkatarientzat zein tabernarientzat kaltegarria izango dela.

Erabakia gaitzesteko, duela hilabete batzuk auzo plataforma bat sortu zuten, TX auzo ekimena, eta egitasmo eta mobilizazio ugari bultzatzen ari dira. 4.300 sinadura aurkeztu dizkiote Udalari, parte-hartze prozesu bat eskatzeko, baina ez dute erantzunik jaso. Azken urratsa Arartekoarengana jotzea izan zen, eta atzo heldu zen haren erantzuna. Ikuskizun da nola erantzungo duen orain Mayaren taldeak.

Gaurko manifestazioa 20:00etan irtengo da, Txantreako Sabicas plazatik, egin dituzten beste batzuk bezala.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!