Familientzako lantegiak eta haurrentzako jarduerak dira Iruñeko Udalaren kultur sailak, uztailerako eta abuzturako antolatu dituenak. Programa berria da Mihiluze, eta haurren artean aisialdian ere euskararen erabilera sustatzea du helburu.
Aste honetan eta hurrengoan, 3 eta 6 urte bitarteko haurrei eta haien gurasoei zuzendutako lantegiak eta 7 eta 11 urte bitarteko haurrentzako “Itsaspeko bihotzak” literatur aretoa eginen dira Ziudadelako lorategian. Galtzagorri elkarteak proposatuta antolatu dute. Abuztuan berriz, itsasoa labirinto bilakatuko dute eta kultura aniztasuna eta migrazioak landuko dituzte bereziki.
Programako lantegi eta jarduera guztiak goizeko ordutegian eginen dira, 11:00etatik 12:30era. Izen-ematea egunez egun egin behar da, 010 telefonoan, hiru euroren truke.