40 gradu inguruko tenperaturak iragarri dituzte

Euskalerria Irratia 2021ko uzt. 20a, 12:55

Alerta horia ezarriko dute Nafarroan, ostegunetik aurrera. Iragarpenen arabera, gauean tenperatura minimoak 20 gradu ingurukoak izanen dira, Iruñean.

Bihar alerta horia aktibatuko dute tenperatura altuengatik Ebroko Erribera inguruan: 37,9 graduk maximoa eta 21,9 graduko minimoa iragarri dute. Alerta ostegunean zabalduko da Nafarroa osora. Gaurko iragarpenen arabera, maximoak 40 gradukoak izan daitezke ostegunean; minimoak, berriz, 18 ºC-tik gorakoak Iruñean. Datozen egunotako bilakaerak aldaketak ekarriko ditu alerta mailan.

Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuak gogorarazi du arreta handiz ibili behar dela beroaldia bitartean. Ur asko edatea gomendatzen dute, egarri sentsaziorik gabe ere, ahalegin fisikorik ez egitea, batez ere bero handieneko orduetan (12:00etatik 17:00etara), eta eguzkitan egotea saihestea, batez ere 65 urtetik gorako, 4 urtetik beherako, haurdun dauden edo edoskitze naturaleko egoeran dauden emakumeen, langileen eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen kasuan.

Gehiegizko beroak giza gorputzaren bizi-funtzioak alda ditzake, eta giza gorputza ez da gai tenperatura-aldaketak konpentsatzeko. Egoera horrek ura eta elektrolitoak galtzea eragiten du, eta, horrekin batera, pertsona kaltetuak kalanbreak, deshidratazioa, intsolazioa edo bero-kolpe bat izan ditzake, eta horrek osasun-arazo larria ekar dezake edo, are gehiago, heriotza eragin dezake.

Alkoholdun edariak, kafeina edo azukredunak ez kontsumitzea gomendatu du insitutuak; espazio freskoetan egotea edo ur epel edo hotzarekin dutxatzea; gorputzaren zatirik handiena estaltzen duen bisera eta arropa zabalak erabiltzea, ehun arin eta traspiragarriak dituztenak (kotoia edo lihoa); eta aparkatuta dauden ibilgailuen barruan ematen den denborari arreta jartzea, nahiz eta leihatilak irekita egon.

Lantokietan, funtsezkoa da prebentzio-neurriak hartzea, beroak eragindako estres termikoaren arriskua murrizteko. Sinkopeak, edemak, kalanbreak edo beroak eta/edo bero-kolpe batek eragindako akidura jasateko aukera handiagoa da tenperatura eta hezetasun erlatiboko baldintza altuekin, ahalegin fisikoa eskatzen duten postuak direnean.

Alerta-mailak

Beroak eragindako alerta mota hori Nafarroako 2021eko gehiegizko tenperaturak osasunean dituen ondorioak prebenitzeko planaren barruan sartzen da. Plan hori ekainaren 1ean aktibatu zen, eta, oro har, irailaren 15era arte luzatzen da.

Osasun Ministerioarekin elkarlanean egindako plan horrek gehiegizko tenperaturei lotutako arriskuak murriztea du helburu. 

Horrela, planak 36 graduko maximoa eta 18 graduko minimoa erabiltzen ditu Nafarroan, Erriberan izan ezik, non erreferentziazko minimoa altuagoa den: 21 gradu. 

Atalase horiek aldi berean gainditzen direnean, bai maximoan bai minimoan, hiru alerta-maila aktibatzen dira: 1 (alerta horia, arrisku txikikoa), atalase horiek egun batean edo bitan gainditzea aurreikusten bada; 2 (alerta laranja, arrisku ertaina), hiru edo lau egun badira; eta 3 (alerta gorria, arrisku handikoa), 5 egunetik aurrera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!