Iruñeko Udalaren gehiengoak Labairu zinegotziaren jarrera gaitzetsi du

Euskalerria Irratia 2021ko uzt. 2a, 08:44
Javier Labairu zinegotzia, artxiboko irudi batean.

EH Bilduk egin du proposamena, eta Geroa Baik eta PSNk babestu dute. Espedientearen irregulartasunak nabarmendu dituzte, eta Labairuren jarrera desegokitzat jo dute, are gehiago Herritarren Segurtasuneko zinegotzi baten aldetik. 

Iruñeko Udalak Javier Labairu Herritarren Segurtasunerako zinegotzi delegatuaren jarreraren inguruko gaitzetsespena adierazi zuen atzo, ostegunarekin, garabiaren kasuan izan duen jarrera "ez eredugarriagatik". Iaz, 2020ko urriaren 15ean zehazki, garabiak Labairuren autoua eraman zuen, gune urdinean aparkatuta baitzegoen, tiketik edo aparkatzeko txartelik gabe. Lau ordu geroago, zinegotzia garabiaren egoitzara joan zen, agente batekin batera. Agenteak ibilgailua ordaindu gabe ateratzeko izapideak kudeatu zizkion.

EH Bilduk proposatu zuen gaitzespena, eta Geroa Baik eta PSNk babestu zuten. Navarra Sumak aurka bozkatu du.

Joxe Abaurreak, proposamena egin duen taldeko zinegotziak, espedienteak dituen irregulartasunak gogorarazi zituen: eskuz idatzitako orri batean egin zuten, idazpururik gabe eta datarik gabe. Gainera, Labairuk azaldu zuenez, aparkatzeko txartela ez zegoen agerian, ibilgailuaren eserlekuetan baizik. Eta Labairuk gertaeren bertsioa azaltzeko aukera izan zuenean, espedienteen balioa arbuiatu zuen.
 
Abaurreak azpimarratu zuenez, Labairuren jokabidea ez da egokia zinegotzi batentzatn, baina are gutxiago Herritarren Segurtasuneko zinegotzi batentzat, garabiaren zerbitzuarengatik tasak ezartzeaz eta herritar guztiei egunero isunak jartzeaz arduratzen baita. Era berean, espediente horretako informazioa eskuratzeko orduan izandako jarrera "opakua eta oztopatzailea" salatu zuen, zazpi hilabete kostatu baitzen espedientearen edukia ezagutzea.
 
Maite Esporrin PSNko bozeramaileak espedientea kudeatzeko modua kritikatu zuen: "Ez dakigu noiz egin zen espedientea, lehenago edo geroago, eta hori oso larria da administrazioan. Aztertzen utzi diguten espedienteen artean, datarik ez zuen bakarra zen. Esporrinek esan zuen "lotsa" eman behar ziela jokabide horrek.
 
Navarra Sumaren aldetik, María Caballerok bere lankidea defendatu zuen, bere jokabidea tasen araudian ezarritakoarekin bat datorrela argudiatuta, aparkatzeko txartelen jabeak ordaintzetik kanpo uzten baititu. Gertatzen ari dena "jazarpen eta eraispen estrategia bat" dela gaineratu zuen.


EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!