Iruñeko Udalak zentsuratu egin du peñetako pankartak lokal publiko batean erakustea

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 28a, 10:16

Arrazoia da eduki politikoa dutela pankartek. Erakusketa egiteak "zigorrak, erantzukizunak eta kalte ordainak" ekar zitzakeela jakinarazi die. Zentsuraren aurrean, baina, ez dute amore eman eta ostegunean ekitaldi berezi bat eginen dute oihalak jenderi erakusteko.

Joan den asteazkenean iragarri zuten peñek aurtengo pankartak Plazara gune soziokomunitarioan aurkezteko asmoa zutela. Hurrengo egunean, ostegunean, iritsi zitzaien Navarra Sumaren erantzuna. 

Ekintza Komunitarioko zuzendaria den Conchi Mateok Plazara gune soziokomunitarioaren kudeaketaren ordezkariari jakinarazi zion erakusketa hori ezin zela egin. Arrazoia da eduki politikoa dutela pankartek. erakusketa egiteak "zigorrak, erantzukizunak eta kalte ordainak" ekar zitzakeela jakinarazi zien.

Iruñeko hamasei peñek "gehiegikeria autoritariotzat" hartu dute neurria, eta Plazarako kudeaketaren ordezkarienganako presioak "iraganeko garaiak, zentsura garaiak eta askatasun eza" gogorarazten dizkietela nabarmendu dute. 

Zentsuraren aurrean, baina, ez dute amore eman eta azkenean kalera aterako dituzte pankartak. Ostegunean ekitaldi berezi bat eginen dute oihalak jenderi erakusteko. 

Zentsura salatu dute EH Bilduk, Geroa Baik, Ahal Duguk, Ezker Batuak eta Batzarrek.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!