Alde Zaharrean kalejira bat egingo dute gaur, auzoko espazio publikoaren defentsan

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 24a, 10:08
Terrazak Sarasate pasealekuan.

AZ Ekimenak eta Alde Zaharreko Gazte Mugimenduak antolatu dute, Ez ahaztu auzokideak lelopean. 

AZ Ekimeneko eta Alde Zaharreko Gazte Mugimenduko kideek salatzen dutenez, azken urteetan auzoak pairatu dituen fenomeno batzuk, tartean turisten areagotzea, taberna berrien irekiera eta lan prekarioaren normalizazioa, "azkartu" egin dira pandemiarekin, eta horrekin batera, "espazio publikoaren okupazioa".

Tabernen kasuan, nabarmen handitu da terrazen kopurua, eta txikitu, espazio publikoa eta aisia garatzeko espazioa. Peio Lasa Alde Zaharreko Gazte Mugimenduko kideak eman ditu datu batzuk: "Pandemiaren aurretik 38 terraza daude, eta pandemian 53 gehaigo jarri edo handitu dituzte; eta lehen hamasei plaza genituen aisialdirako, eta orain bakarrik zortzi".

Teorian pandemiak ekarritako ezohiko egoera bukatzen denean terraza horiek kendu beharko dituzten arren, AZ Ekimeneko eta Alde Zaharreko Gazte Mugimenduko kideek ez dute uste hori ahala izango denik, beti "lehentasuntzat" jartzen baita "gutxi batzuen aberastasuna".

Argi utzi nahi izan dute, halere, ez dutela tabernarien kontra egin nahi, baizik eta "espazio publikoaren alde". Auzoarentzako aisialdi eta atseden guneak berreskuratu nahi dituzte, euren jarduera propioak garatu ahal izateko.

Horixe eskatuko dute gaur arratsaldean, 19:30etan Baratxurien Plazatik irtengo den kalejiran.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!