Peñen pankartak: hipika, xakea eta txertoak

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 23a, 13:45

Momentuz digitalki baino ez dituzte aurkeztu 2021ko peñen pankartak; baina uztailaren 2tik 4ra Plazara gune komunitarioan jarriko dituzte oihalak ikusgai.

Prebentzio lan komunitarioa egiten duten elkarteei babesa, arratoiak, covida, covidaren aurkako neurriak, txertoak, Noaingo batailaren 500. urteurrena… Azken aldian puri purian izan diren gaiak irudietara eraman dituzte aurten ere Iruñeko peñek. Zalantzarik gabe, dena den, Enrique Maia Iruñeko alkatearen azken erabakiak dira nagusi 2021eko “ez sanferminetako” oihaletan. Hipika erakustaldiak gehienetan ageri dira, besteetan xake irudiak Nafarroako eta Iruñeko ordezkari politikoekin. Horiek dira uda honetarako sanferminen ordez Iruñeko Udalak egin dituen proposamenak, eta peñetan ere kritiko azaldu dira erabakiekin. Iruñeko Udalak San Ferminetako mahaia jostailu hautsi bilakatu dutela salatu dute aurkezpenean.

Iaz bezala, baina, aurten ezinen dituzte pankartak kalean dantzatu; eta urtebetean testuingurua aldatu dela jakitun, ardura eskatu dute beste behin. Hurrengo jaiak iritsi bitartean, esertzeko eta hausnartzeko une aproposa da peñen federazioen ustez, eta hori egitera gonbidatu dituzte herritarrak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!