Arrosadiko soka-dantza aurkeztu du Oberenak San Juan gauez

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 23a, 10:04

Aurten surik ez da izanen ekainaren 23an, baina soka-dantza aurkeztuko du Oberenak. Ilargi Enea parkean izanen da, 20:30ean.

Gaur izanen da sanjuan gaua, baina aurten ere ez da surik izanen. Hala ere, Arrosadiko Jai Batzordeak ekitaldi bat antolatu du: soka-dantza. Aurten, estreinakoz, Oberena dantza taldeak auzorako sortutako dantza aurkeztuko du. Hitzordua 20:30ean izanen da, Ilargi Enea parkean, Hegoalde ikastolaren atzeko eremuan. Pandemia dela-eta, ikusleek osasun neurriak bete beharko dituzte: maskara jantzita izan une oro eta distantziak mantendu.

Musika eta koreografia propioak izanen ditu, beraz, Arrosadiko sanjuanetako soka-dantzak hemendik aurrera. Orain arte dantzara ateratzen ziren Oberenakoak, baina ez bertako dantza bat egiteko. Soka ez dute soilik dantzariek osatuko, gonbidatuak ere izanen dira. Are, soka-dantzak urtero auzoari lotutako pertsonak edo elkarteak omenduko ditu, aurreskuaren eta atzeskuaren agurra haiei eskainiz.

Aurten Tu barrio, tu casa programaren kudeatzaileak izanen dira ohorezko gonbidatuak: Teresa Fernanddez eta Javi Moreno. Programa horri esker Oberena dantza taldeak auzoan beste herrialdeetako dantza tradizionalak egiten zituzten taldeak ezagutzeko aukera izan zuen. Are, elkarrekin dantza emanaldia eskaintzea zen asmoa, baina pandemiak bertan behera utzi zuen egitasmo hori. Pandemian oraindik, Medicos del Mundok erabaki zuen auzoko programa hori bertan behera uztea. Horregatik, arduradunei esker ona eta babesa emateko, aurten soka-dantzara gonbidatuko ditu taldeak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!