Iruñeko Udalaren gehiengoak Labairuren adierazpen matxistak gaitzetsi ditu

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 23a, 09:05
Javier Labairu zinegotzia, artxiboko irudi batean.

EH Bilduk zinegotziaren dimisioa eskatu zuen atzoko udalbatzan, hark egindako adierazpen matxistengatik. Labairuk Navarra Sumaren babesa baino ez zuen jaso. 

Iruñeko Udalean pasa den asteko eztabaidaren ondorioei heldu zieten berriro atzo, Javier Labairu, Navarra Sumako zinegotziak esandakoei tiraka. Orduan, eskuinaren zinegotziak adierazpen matxistak egin zituen EH Bilduko emakume zinegotzien kontra: beren alderdian gai garrantzitsuenak gizonezkoek eramaten dituztela esan zuen. “Alfa arrak” adierazpena erabili zuen zehazki Labairuk, eskuin muturrak askotan erabiltzen duen esapidea.

Atzo, EH Bilduk berak zinegotziaren gaitzespena eraman zuen udalbatzara. Javier Labairuren dimisioa eskatu zuen EH Bilduko Eva Aranguren zinegotziak.

“Matxismoaren eta indarkeria matxistaren kontrako borrokan eredugarria izan den udalak ezin ditu adierazpen horiek onartu”, adierazi zuen Arangurenek. Labairuk ez zuen erantzun; haren ordez Ana Elizaldek hartu zuen hitza. Ez zituen bere taldekideak esandakoak gaitzetsi, guztiz kontrakoa: egia zela errepikatu zuen behin eta berriz. Iradoki zuen EH Bilduko zinegotziak mindu dituena ez dela izan Labairuk esandakoak, baizik eta hori “egia” izateak.

Elizalderen defentsa horrek zur eta lur utzi zituen beste bozeramale guztiak. Esaterako PSNko Maite Esporrin hautetsiak esan zuen zinegotziek eredugarriak izan behar dutela bere adierazpenetan, eta “ikaragarria” suertatu zitzaiola Ana Elizaldek Labairuren hitzak defendatu izana.

Labairu bakarrik geratu zen bere adierazpen matxistekin, beraz: Navarra Sumaren babesa baino ez zuen jaso. Beste alderdi guztiek bere dimisioa eskatu zuten, eta gainera, zinegotzientzako feminismoan trebatzeko ikastaroak eskatu zituzten, horrelako jarrerak eta egoerak ekiditeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!